Prentsa oharra 2021ko maiatzaren 8a

Pandemia eta haren ondorioak aztertu dituzte arlo guztietako adituek Hermes aldizkariaren azken alean

• Elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk COVID-19a gurean agertu zenetik igaro den urtebete eta zerbait gehiagoko aldia aletu du, eta itxaropenez baina ahots kritikoz agertu da denbora-tarte horretan jazo diren egoeren aurrean. “Ez dut uste politikariok, oro har, maila onik eman dugunik”, aitortu du.

Pandemia eta haren ondorioak aztertu dituzte  arlo guztietako adituek Hermes aldizkariaren azken alean

Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historiari buruzko aldizkariaren hurrengo aleak (68. zenbakia), gai bakarrekoak, izurritea Euskadin agertu zenetik igaro den urtebetetik gorako aldiaren nondik norakoak jorratu ditu. Alearen ehun orrialdeetan, gizarte-esparru guztietako adituen hausnarketak, COVID-19ak gurean izan dituen ondorioei buruzkoak, jaso dira, bai eta osasun-krisiaren laugarren olatua igarotzen denean, etorkizunari aurre egiteko moduaren inguruko gogoeta ere.

 

Telelana, lineako hezkuntza, autogobernuak gainditu behar izan dituen mugak, eskubideen murrizketa, merkataritzak izan duen aldaketa, industria, osasun publikoa eta pribatua, izurriteak genero-berdintasunean eta kulturan izan duen eragina…. Gai horiek jorratu dituzte, besteak beste, hainbat adituk, kasurako, Daniel Inerarityk, merkataritza-ganberetako presidenteek, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak edo Idoia Mendiak. Irakasleek, hezitzaileek… guztira, hogei kolaboratzailek baino gehiagok eman dute azken urtean bizi izandakoaren ikuspegi sakona eta hurbila.

 

Kolaborazioez gain, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri egindako elkarrizketa jaso da aldizkarian eta, bertan, COVID-19a gurean agertu zenetik igaro den urtebete eta zerbait gehiagoko aldia aletu du, eta itxaropenez baina ahots kritikoz agertu da denbora-tarte horretan jazo diren egoeren aurrean. Lehendakariak deitoratu du berme juridiko osoko tresnarik ez izatea ez izatea neurriak autogobernutik hartu ahal izateko; haren iritziz, Estatua zentralizatzeko arriskua ekarri du pandemiak. Hamaika ikasbide eman dizkigu izurriteak: familiaren balioa, hurbileko harremanak, autogobernuaren eta baterako gobernantzaren garrantzia, publikoaren eta pribatuaren arteko harremana eta gure osasun-sistemaren balioa, hau da, Osakidetzaren balioa. Harro dago txertaketaren kudeaketaz, “guzti-guztiok leku berera eta aldi berean iritsiko ginelako, eta gure estrategian aurrendariak garela erakutsi dugulako".

 

Pandemiak digitalizazioa eta lineako irakaskuntza bizkortu ditu, baina agintariak aitortu du aurrez aurreko heziketak garrantzia izugarria duela adin-tarte batzuetan. Ildo horretan, adierazi du “pertsonak ez direla soilik tresna digitalen bidez trebatzen. Pertsonak zuzeneko harreman pertsonalez eta bizikidetzaz trebatzen dira”.

 

Ildo beretik, telelanak erregulazio, antolamendu, helburu eta tresna batzuk behar dituela dio Lehendakariak. Urkulluk aitortu du barne-gogoeta eta barruko eztabaida duela politikariek bolada honetan izan duten jokabideari buruz. “Ez dut uste politikariok, oro har, maila onik eman dugunik”.

 

Izan ere, Lehendakariaren ustez, batzuek pandemia erabili dute aurkari politikoaren kontrako arma gisa. Autogobernuaren barruan, neurriak hartzeko orduan babes juridikoa emango dion legeria galdatu du, alarma-egoeraren beharrik gabe, neurri horrekin ez baitzen ados egon eta gaur egun ere ez dago ados. “Beldur naiz, hemendik aurrera, Lehendakariak dekretu bat eman behar duen une oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren irizpenari lotu behar izango ote zaion eta, gainera, dekretuak eragindako sektore guztiei entzunaldia eman beharko zaien” kritikatu du.

 

Lehendakariaren begirada hutsean galtzen da egunero-egunero, hildakoen berri ematen zioteneko bilera bakoitza gogoratzean. Bizi izandakoak “Giza aztarna handia utzi dit” aitortu du. “Min ematen du pentsatzeak zientzia ez dela garaiz iritsi, birusaren eraginez bat edo lau mila pertsonaren heriotza galarazteko”. Baina arazoak gainditzeko gaitasuna dugulakoan dago, aurreko belaunaldiek egin zuten bezala.

 

68. zenbaki honetako kolaborazio grafikoa diziplina anitzeko Raquel Meyers artistak egin du.