Prentsa oharra 2016ko abenduaren 20a

Pedro Luis Uriarte, Orbea, Egibide, Matxalen Ziarsolo, Tolosako Ekinbide Etxea eta “Guernica” margolana, garrasi lazgarria, bakearen ikur, 2016ko Sabino Arana Sariak

Sabino Arana Fundazioak kultura-ekitaldi horren XXVIII. edizioa egingo du urtarrilaren 29an, igandearekin, eguerdiko 12etan, Bilboko Arriaga antzokian.

Pedro Luis Uriarte, Orbea, Egibide, Matxalen Ziarsolo, Tolosako Ekinbide Etxea eta “Guernica” margolana, garrasi lazgarria, bakearen ikur, 2016ko Sabino Arana Sariak

Pedro Luis Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohi eta Ekonomia Itunaren aitak; Orbea sozietate kooperatiboak; EGIBIDE “Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioak”; Matxalen Ziarsolo eskubaloi-jokalariak; Tolosako Ekinbide Etxeak; eta “Guernica” margolanak —garrasi lazgarria, bakearen ikur— 2016ko Sabino Arana sariak jasoko dituzte datorren urteko urtarrilaren 29an egingo den ekitaldian, Bilboko Arriaga antzokian, eguerdiko 12etan. 

Sabino Arana Fundazioak ematen dituen Sabino Arana sarien XXVIII. edizioa izango da aurtengoa. Sariok urtero-urtero ematen dira euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Sari horien bidez, Fundazioak aitortza egiten die gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakusten duten pertsona, erakunde edo elkarteei.

Juan Mª Atutxak, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, eta Irune Zuluagak, erakundeko zuzendariak, aurkeztu dituzte 2016ko saridunak.

Aipatutako biek adierazi dutenez, “Sabino Arana Fundazioak egungo Ekonomia Itunaren aita Pedro Luis Uriarte Santamarina jauna goretsi eta saritu nahi du, gure autogobernuaren giltzarri eta ongizatearen euskal estatuaren oinarri den Ekonomia Ituna erakundetzen egindako funtsezko ekarpenagatik”.

“Uriarteren konpromiso pertsonal eta politikoari, herri-senari eta helmen zabaleko ikuskerari esker, gure aberrigintzan eta gizarte-eraikuntzan oinarrizko bihurtu den tresna eta hari atxikitako eskubidea eguneratu ziren”, nabarmendu du Irune Zuluagak.

Gaur egun, Pedro Luis Uriarte pertsona esanguratsua da industria eta finantza arloetan, eta www.comunidadconcierto.com deritzon gizarte-plataforma sustatu du  Ekonomia Ituna ezagutarazi eta zabaldu eta euskal herritarrak (bai eta Espainiako herritarrak ere) itunaren defentsan sentiberatzeko eta haren aldeko konpromisoa hartzeko helburuz.

Bizkaiko Mallabia herrian dagoen Orbea, S. Coop enpresak, 175 urtetik gorako ibilbidea daukan enpresa kooperatiboak, saria jasoko du “negozioa berrantolatzeko gaitasuna izan ostean, lasterketako eta mendiko bizikletak fabrikatzen dituen nazioarteko erreferentea bihurtzeagatik”.

Orbea 65 herrialdetan baino gehiagotan dago eta enpresa arrakastatsuaren adibide gisa ikasten da unibertsitateetan. Orbea nagusi da estatuko merkatuan eta munduko hamar bizikleta-marka ospetsuenen artean dago; beraz, euskal industriaren bandera-ontzietako bat dugu nazioartean. Sabino Arana Fundazioko arduradunen esanetan, sariak “produktu asko garatzeko gaitasuna  aitortzen dio enpresari, bizikletez gain, kaskoak, hidratatzeko bizkar-zorroak, lanabesak eta txirrindularitzako arropa saltzen baititu, guztiak ere berrikuntzan eta enpresak berak sortu eta diseinatutako produktuetan oinarrituta”.

XXVIII. edizio honetako beste sari bat Egibide Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioak jasoko du, “zazpi hamarkadatik gora ereduzko hezkuntza-erakundea izan delako Araban, Lanbide Heziketan aitzindaritza garbia izan duela, eta lurralde historiko horretako gizartea, ekonomia eta industria garatzen sekulako ekarpena egin duelako”.

Ildo horretan, Sabino Arana Fundazioko zuzendariak azpimarratu du “EGIBIDEren prestakuntza-eredua industriako sektorearen eskariari hertsiki lotu zaiola beti eta ekinbide hori erabakigarria izan dela Arabako enpresen arrakastari eta bikaintasunari dagokienez. Gaur egun, erakundeko 450 profesionalek adin guztietako 7.000 gizon-emakumeri ematen diete prestakuntza, eta horien laneratzea eta etengabeko prestakuntza ahalbidetzen dute. Horrez gain, esan beharra dago arreta handiz lantzen dutela gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden edo kontratatzeko zailtasun handiak dituzten gazteen laneratzea eta gizarteratzea, gazte horien ezaugarrien araberako prestakuntza eskainita”.

Beste alde batetik, Sabino Arana Fundazioak Matxalen Ziarsolo ermuarra, euskal emakumezkoen eskubaloiko jokalari aparta, aintzatetsi eta saritu nahi du “bere kirol-ibilbide bikainagatik, koloreei eskainitako leialtasunagatik eta kirol-balioen arloan eredugarria izateagatik”.

Arrakastaz beteriko hamabost urteko ibilbidea garatu du Bera Beraren lehen taldean, hau da, ohorezko mailan jokatu duen klub bakarrean. Hala ere, 2016an, Matxalenek amaiera eman zion kirol-ibilbideari erregistro ikaragarriak lortuta. Bera Bera taldeko jokalariak eta kapitainak 1.400 gol baino gehiago sartu ditu eta Donostiako taldearen hamalau tituluak eskuratu dituen jokalari bakarra izan da. Gainera, hamaika aldiz izan da jokalari internazional.

“Arrakasta eta garapenetatik haratago, Matxalen Ziarsolo oso ezaguna da haren giza kalitateagatik eta, horren erakusgarri, estimu handia diote aldagelaren barruan nahiz aldagelatik kanpo”, azpimarratu dute Fundazioko arduradunek.

Tolosako Ekinbide Etxeak ere saria jasoko du sarien  XXVIII. edizioan, “euskal kultura 50 urtean zabaldu duelako eta Tolosako hiria munduko kultura aniztasunaren iturri eta topagune bilakatu dituelako”. Izan ere, Tolosako Ekinbide Etxea hiriko eta eskualdeko kultura-eragile eta dinamizatzaile sutsua izan da, eta erakundearen nazioarteko joerari esker, Sabino Arana Fundazioko arduradunen esanetan, “Tolosa kulturaren mapamundian dago”, nazioartean oihartzun zabala duten ekimenak bultzatu ohi dituelako, besteak beste, Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia (Titirijai) eta TOPIC (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa).

Era berean, Fundazioko arduradunek esan dute “Tolosako Ekinbide Etxeak egiteko jakintza, antolatzeko gaitasuna eta konpromisoa batzen dituen berezko eredua garatu duela, eta eredu horren oinarri dela tolosarren parte-hartze gogozkoa, solidarioa eta erabatekoa zentroak antolatzen dituen jarduera guztietan”. 

Azkenik, Sabino Arana Fundazioak “Guernica” margolanaren unibertso sinbolikoa aintzatetsi eta saritu nahi du, iraganean gerraren izugarrikerien irudia zena gaur egun bakearen ikur esanguratsu bihurtu zaigulako.

“1937ko udaberrian, euskal herri asko bonbardatu zituzten era sistematiko eta antolatuan herritarren artean izua zabaltzeko helburuz. Gaur egun, gogora ekarri eta omendu gura ditugun adintsuak, emakumeak eta neska-mutilak bonba, zartagailu, metrailadore eta suaren biktima izan ziren; zentzugabekeria, basakeria, ankerkeria eta faxismoaren moral ezaren biktima izan ziren. Dena dela, Pablo Picassoren etorri sortzaileak munduko biztanleen begien aurrean betikotu zuen gerrako krimen horien guztien irudia. Egun, “Guernica” margolana bakearen aldeko borrokaren ikurra da, nahiz eta hamaika gerraren ezbeharrak eta hondamendiak, iheslarien giza zoritxarrak eta pobreziaren nahiz berdintasun ezaren gaitz kronikoak ilundu egiten dituen gatazka historiko batzuen amaierak ekarritako argia”, adierazi dute.