Prentsa oharra 2017ko urriaren 31a

Politika eta Komunikazio arloetako adituek egiaren ostea aztertuko dute Sabino Arana Fundazioan

• Jardunaldian datorren asteartean izango da, azaroaren 7an, goizeko bederatzietan hasita. • Mintegian, ondokoek jardungo dute hizlari: Juan Antonio Giner, kazetaria, Zuzenbideko doktorea eta Innovation International Media Consulting Group, munduko kazetaritza-aholkularitza ospetsuenetako bateko presidente eta sortzaileetako bat; Marco Ricorda, ALDE taldeko nortasun digitaleko arduraduna Europako Parlamentuan; Carmen Beatriz Fernández, DataStrategia Consultores iritzi publikoaren ikerketan diharduen eta Teknologia berriei buruzko aholkularitza eskaintzen duen enpresa erakundeko presidentea; eta Miquel Urmeneta, kazetaria eta Universitat Internacional de Catalunyako (UIC) Komunikazio irakaslea. Rafael Susok, Enpresako Estrategia, Komunikazio eta Branding arloetako aholkulariak, koordinatuko du jardunaldia.

Sabino Arana Fundazioak eta Europako Demokraten Institutuak Europako Demokraten Alderdiari lotutako fundazioak komunikazio-berrikuntzari buruzko jardunaldi bat egingo dute datorren astean. 

Eztabaidaren muinean, alderdi politikoak izango ditugu, bai eta alderdien informazio-politikak, hedabideak eta iritzi publikoaren sorkuntza gailentzeko ahaleginak ere. Bestalde, jendearen portaerak aztertuko dira, sare sozialek eskaintzen duten informazioaren etorbide gisa hartzen duten jarrerari erreparaturik.

Horretarako, besteak beste, ondokoek parte hartuko dute: Juan Antonio Giner, kazetaria eta Innovation taldeko zuzendaria (http://innovation.medcia/); Marco Ricorda, ALDE taldearen identitate digitalaren arduraduna Europako Parlamentuan; Miquel Urmeneta, kazetaria eta Universitat Internacional de Catalunyako (UIC) komunikazio-irakaslea; eta Carmen Beatriz Fernández, DataStrategia Consultores enpresako presidentea (http://www.datastrategia.com/). Beste alde batetik, Rafael Susok (http://briskteam.com/rafael-suso/) koordinatuko du mintegia.

Goizeko 9etan, IEDeko koordinatzaileak, Flaminia Baffigok, eta Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak parte hartuko dute irekiera-ekitaldian. Geroago, Rafael Susok hizlariak aurkeztu eta hitza emango die.     

Mintegian egingo diren bi mahai-inguruetako lehenengoan, Juan Antonio Ginerrek ondoko gaia landuko du: “Kazetaritza erronka digitalaren aurrean”. Innovation taldeko presidente eta sortzailearen iritziz, “kazetaritzaren arazo guztiak kazetaritza gehiago eta hobearen bidez konpontzen dira”.

Geroago “Egia hil ote da? Jendartea egiaren ostearen aurrean” izenburuaren haritik, jendarteak edo xede-taldeek iritzi-joeren sorkuntzan duten eginkizuna aztertuko du Miquel Urmenetak, hedabideak negozioaren eta ereduaren krisialdi larrian dauden une honetan.

Eztabaidaren ondotik, bigarren mahai-inguruan, Carmen Beatriz Fernándezek “Gizataldeen matxinada 2.0” gaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du eta, horretan, teknologia berrien eta sare sozialen zereginak aztertuko ditu “errealitate” paraleloen sorkuntzan.

Azkenik, Marco Ricordak, ALDE taldeko nortasun digitaleko arduradunak Europako Parlamentuan, “Komunikazio politikoa. Hedabideen horma eta sare sozialen amarauna zeharkatuz” ildoa jorratuko du hitzaldian.

HEDABIDEENTZAKO DEI IREKIA DA

HIZLARIEKIKO ELKARRIZKETAK KUDEATUKO DITU FUNDAZIOAK