Prentsa oharra • 2024ko maiatzaren 17a
“Mendirik Mendi” erakusketa Sabin Etxean, Euzko Mendigoizale Batzaren mendeurrenaren kariaz
Erakusketa ibiltari hori urriaren 31 arte izango da ikusgai.
Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak «Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza» izeneko erakusketa Sabin Etxean estreinatu du gaur, maiatzak 17 dituela, mendigoizaleen ehun urteko historiaren berri erakusteko.
Euskal Abertzaletasunaren Museoak bultzatuta, Sancho el Sabio Fundazioarekin lankidetzan, erakusketak Euzko Mendigoizale Batzaren (EMB) ibilbidea eta elkartearen garrantzia bildu ditu zortzi paneletan. Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak idatzi ditu paneletako testuak.
EMB mendizaleen elkartea 1921ean eratu zen, eta hainbat jarduera kultural eta politiko antolatu zituen sasoi hartan galtzen ari ziren euskal nortasunaren ezaugarri batzuk berreskuratzeko asmoz, besteak beste, euskara, eta, azkenean, norbanakoen ekarpen garrantzitsua izan zen Gerra Zibilean gudarien lehen konpainiak eta batailoiak sortzeko funtsezko giza ekarpena izan zen.
- mendeko lehen hiru hamarkadetan, elkartea indar biziz hedatu zen, unean uneko abagune politikoak geldiarazita edo bultzatuta, euskal abertzaletasunaren zutabe sendoenetakoa izateraino, Emakume Abertzale Batza, Euzko Gaztedi edo Eusko Langileen Alkartasuna antolakundeekin batera.
Erakusketaren osagarri, Sabino Arana Fundazioaren bildumetan gorderik dauden garai horretako objektu, dokumentu eta argitalpen ugari jarriko dira ikusgai.
Erakusketa honela egituratuta dago: «Mendigoizaleak, herria maite duten mendizaleak», non mendizale eta abertzale gazte horiek euskal nortasunaren kulturaren hedatzaile handi gisa aurkezten diren; «Askatasunaren eguzkia basotik irteten da» deritzon panelean, elkartearen eraketaz eta egituraz hitz egiten da; «Gazteria martxan» izenekoan, mendizale abertzaleen federazioaren jarduera eta helburu nagusiei buruzko argibideak datoz; «Itxaropen garaiak» deituriko panelean, berriz, elkartearen banderaren esangura azaltzen da: San Andresen gurutze berdea, gorriz markoztatutako hondo zuriaren gainean; «Zorigaitzaren atarikoa» izenekoan, Gerra Zibilaren aurreko urteetako inguruabarrak jorratzen dira. Sasoi hartan, Espainiako oligarkek bere pribilegioei eutsi nahi izan zieten eta ezker iraultzaileak benetako sozialismoa ezarri gura izan zuen; «Mendigoizaleak bake-sasoian, gudariak gerra-garaian» eta Gudarien batailoiak» izeneko horma-irudietan, gazte horietako askok, Euskadin askatasuna eta demokrazia defendatzeko helburuz, gudarien lehen konpainia eta batailoiak sortzeko konpromisoa aageri da; azkenik, «Klandestinitatea eta askatasuna» panelean, azaltzen da klandestinitatean, erbestealdian eta jazarrita ia lau hamarkada eman ondoren, Franco diktadorea hildakoan, belaunaldi gazteek deiadar-mendietara igotzeko ohitura berreskuratu zuten, garai berrietara egokitutako aldarriak erabilita.
«Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza» Sabin Etxean egongo da ikusgai maiatzaren 17tik urriaren 31ra, astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, goizeko 10etatik arratsaldeko 2etara; asteazkenetan, goizeko 10etatik arratsaldeko 9etara; eta asteburu zein jaiegunetan, aurretiko hitzorduz adostu beharko da bisitaldia.