Prentsa oharra • 2024ko uztailaren 15a
Sabino Arana Fundazioa, alderdi politikoei lotutako fundazioetan, gardentasun zigilua (t***) lortu duen lehenengoa
t*** ziurtagiria dugu HAZ Fundazioak ematen duen aintzatespenik gorena; ziurtagiriak egiaztatzen du webgunean aztertu diren gardentasun arloko 21 adierazleen betetze-maila % 90-100ekoa dela.
EAJ-PNV alderdiari lotutako Sabino Arana Fundazioak gardentasun-arloko ‘t de transparente’ hiru izardun zigilua (t***) jaso du HAZ Fundazioaren eskutik. Horrela, Estatuko lehen fundazioa da, alderdi politikoei lotutakoetan, aintzatespen hori lortu duena.
Aitorpen horrek aintzatesten du erakunde publiko eta pribatuek webgunean darabilten borondatezko gardentasuna.
HAZ Fundazioak urteetan garatu eta hobetu duen adierazle eta printzipioen multzo baten inguruko betetze-mailan (gardentasuna aztertzeko metodologia) oinarritzen da webguneko gardentasunaren azterketa eta horri loturiko gardentasun-zigilua. Sabino Arana Fundazioaren 2023. urteko informazioari buruzko gardentasun-adierazleen betetze-mailaren azterketak 38 puntu eman ditu (guztira, 42 puntu atera daitezke). Horrek esan nahi du gardentasunaren inguruko betetze-maila % 90ekoa dela.
Haz Fundazioaren iritziz, webguneko borondatezko gardentasuna dugu «erakundearen informazio garrantzitsua webgunean zabaltzeko eta argitaratzeko ahalegina, interes-talde guztiek osorik eta eguneratuta ikus eta eskuragarri izan dezaten».
Gardentasun-printzipioek informazioa webgunean argitaratzeko baldintzak jasotzen dituzte (hala nola ikusgarritasuna, erabilerraztasuna, osotasuna eta gaurkotasuna).
Gardentasun-zigilua urtero-urtero berritu behar da, informazio guztia (ekonomikoa, gobernu-organoen osaera, eragina eta emaitzak…) urtero eguneratu behar baita, eta, gainera, sarritan, adierazleak berriro definitu eta/edo berriak gehitzen dira.
Hamabost urtetik gorako esperientzia daukan HAZ Fundazioak 400 erakunde publiko eta pribatu ingururen gardentasuna ebaluatzen du urtero. Fundazioaren txostenak eta gardentasunaren sailkapena gardentasunaren eta gobernu onaren eredu bihurtu dira hainbat sektoretan: fundazioak, alderdi politikoak, museoak, unibertsitateak, komunikazio-taldeak, elizbarrutiak eta enpresa kotizatuak.