Prentsa oharra 2018ko azaroaren 27a

Sabino Arana Fundazioak eta IEDk Europaren erainkuntzaren oraina eta geroa aztertuko dituzte

Jardunaldia ostegunean egingo da, hilaren 29an eta, bertan, ondokoek jardungo dute hizlari: Attila Dabis, Szekler Nazio Kontseiluaren Kanpo Gaietarako komisarioa; Nicola McEwen, Edinburgoko Unibertsitateko Lurralde Politikako irakaslea eta Centre on Constitutional Change erakundeko zuzendarikidea; eta Valentin Popescu kazetaria.

Sabino Arana Fundazioak eta IEDk Europaren erainkuntzaren oraina eta geroa aztertuko dituzte

“1918-2018: Europako lurralde eraldaketak eta kontinentearen eraikuntzaren etorkizuna” (Wilson presidentearen adierazpenaren eta Europako nazionalitateen loraldiaren mendeurrenean) izenburuaren ildotik, mintegia antolatu dute Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak (IED), Europako orainaz eta geroaz eztabaidatu eta barruko eragileen estatu, nazio, eskualde, hiri eta abarren ingurumariak aztertzeko.


1918an, Wilson doktrina izenekoa aldarrikatu eta Lehen Mundu Gerrari amaiera eman zion armistizioa sinatu zen. Urte horretan, austrohungariarren eta otomandarren inperioak betiko gainbeheratu ziren; aurreko urtean, berriz, Errusiako iraultza gertatu zen eta bertako gerra zibila hasi zen… Eta gertaera horien guztien ondoriozko matxinada nazionalek Europako mapa aldarazi zuten.


1918an sortutako estatu guztiek ez dute mendeurrena bete bai, ordea, bertan ziren nazionalitateek. Beste alde batetik, azken ehun urteetan, Europar Batasunaren eraketa bikaina ere garatu da, kontinentea triskildu zuten gerren aurkako pizgarri gisa eta Europan horrenbeste zorigaitz ekarri dituzten hemeretzigarren mendeko nazio-estatu burujabeen malenkoniaren aurka.


Gai horiek guztiak eta beste batzuk ere jorratuko dira hilaren 29an, ostegunarekin, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan egingo den jardunaldian. Jardunaldia goizeko 9etan hasiko da eta, bertan, ondokoek jardungo dute hizlari: Attila Dabis, Szekler Nazio Kontseiluaren Kanpo Gaietarako komisarioa; Nicola McEwen, Edinburgoko Unibertsitateko Lurralde Politikako irakaslea eta Centre on Constitutional Change erakundeko zuzendarikidea; eta Valentin Popescu kazetaria. Xabier Ezeizabarrenak, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakasleak, jardunaldia koordinatu du eta moderatzaile jardungo du hilaren 29an.


ATTILA DABIS
Budapesten bizi den politologoa. 2012. urtetik aurrera, Szekler Nazio Kontseiluaren Kanpo Gaietarako komisarioa da. Gizarte-ekimen horrek gutxiengoen giza eskubideak eta gainerako eskubideak aldezten ditu eta hungarieraz hitz egiten duen Szekler edo székely komunitatearen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du.
2016. urtetik aurrera, aurrekoaz gain, Gutxiengoen Eskubideak Babesteko Institutuko nazioarteko koordinatzailea da.


VALENTIN POPESCU
Bucaresten jaiotako kazetaria. Zuzenbidea ikasi zuen Bartzelonan eta Kazetaritza Bartzelonan eta Madrilen.
El Correo Catalán egunkarian, EFE agentzian eta TVEn (azken biak Madrilen) erredaktore izan zen, La Vanguardia egunkarian lan egin zuen (25 urte eman zituen berriemaile Alemania eta Ingalaterratik), erredakzio-buru jardun zuen Sábado Gráfico astekarian eta erredaktore Actualidad albistarian (horietan bietan, Madrilen), Jinete albistariaren zuzendaria izan zen (Bartzelonan), Antena 3 irratiko kolaboratzailea da (Madrilen), eta nazioarteko politikako analista Radio Euskadin eta Deia egunkarian, bai eta Bartzelonako La Vanguardia egunkarian. Kolaboratzailea da Bartzelonako bi fundaziotan, irakasle aritu zen Bartzelonako Kazetaritza Eskolan (dagoeneko desagertuta) eta freelancer dihardu argitalpen askotan, estatuko irrati ugaritan eta nazioarteko irrati batzuetan.


NICOLA MCEWEN
Edinburgoko Unibertsitateko Lurralde Politikako irakaslea eta Centre on Constitutional Change erakundeko zuzendarikidea.