Prentsa oharra 2017ko urtarrilaren 30a

Sabino Arana Fundazioak 'Guernica' margolanaren unibertso sinbolikoa saritu du, “halako izugarrikeriarik berriro gerta ez dadin”

Gernika, Otxandio eta Durangoko bonbardaketetan bizirik atera ziren hiru emakume izan ziren Bilboko Arriaga antzokian egindako kultura-ekitaldian.

Sabino Arana Fundazioak 'Guernica' margolanaren unibertso sinbolikoa saritu du, “halako izugarrikeriarik berriro gerta ez dadin”

Sabino Arana Sarien XXVIII. edizioa Bilbon egin zen joan den igandean, eta ekitaldi horretan, Picassoren 'Guernica' margolaren “unibertso sinbolikoak”  jaso zuen sarietako bat, “iraganeko izuaren irudia eta, gaur egun, bakearen ikur” esanguratsua delako, eta bestetik, “halako izugarrikeriarik ez hemen, ez inon, berriro gerta ez dadin” gogorarazteko (Hika Teatroaren antzerki emanaldia ikusi)

Iñigo Urkullu lehendakariak buru jardun du 2016ko Sabino Arana Sarien ekitaldian, Arriaga antzokian. Igandeko saioan, honako hauek jaso zuten saria: Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohi eta gure Ekonomia Itunaren aita, Pedro Luis Uriarte; Orbea bizikleta-enpresa; Egibide “Fundación Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioa” ikastetxea; Matxalen Ziarsolo eskubaloi-jokalaria; CIT/TEE Tolosako Ekinbide Etxea; eta 'Guernica' margolana, “garrasi lazgarria, bakearen ikur".

Lehendakariaz eta Eusko Jaurlaritzako sailburu jeltzaleez gain, politika-, kultura- eta gizarte-esparruetako pertsona ezagun ugari izan dira ekitaldian, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko burua, Bakartxo Tejeria; Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, Unai Rementeria eta Ramiro González, hurrenez hurren; EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidentea, Andoni Ortuzar; Bilboko gotzaina, Mario Izeta; Donostiako gotzain emeritua, Juan Mari Uriarte; edo Deustuko Unibertsitateko errektorea, José María Guibert.

Arantza Ruiz kazetariak gidatu du ekitaldia  eta Nahikari Oloriz (saxofoi-jotzailea) eta Itxaso Sainz de la Maza (piano-jotzailea) musikariek osatutako Duo Aldamenak girotu du.