Prentsa oharra 2019ko urtarrilaren 21a

Sabino Arana Sarien 2018ko edizioa zuzenean, streaming bidez, fundazioaren webgunean: www.sabinoarana.eus

Iñigo Urkullu lehendakariak buru jardungo du ekitaldian.

Sabino Arana Sarien 2018ko edizioa zuzenean, streaming bidez, fundazioaren webgunean: www.sabinoarana.eus

Sabino Arana Sarien 2018ko kultura-ekitaldia datorren igandean izango da, urtarrilaren 27an, eguerdiko 12etatik aurrera, Bilboko Arriaga antzokian, eta zuzenean ikusteko aukera izango da streaming bidez, Sabino Arana Fundazioaren webgunean (www.sabinoarana.eus)

 

Hilaren 27ko saioan, ondokoek hartuko dute saria: Txomin Bereciartua abadea eta gizarte- nahiz kultura-eragilea, Dolores Redondo idazlea, Juanjo Mena orkestra-zuzendaria, Ana Urquijo abokatu eta Athleticeko presidente ohia, eta Michel Camdessus, NDFko zuzendari-kudetzaile ohia. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, jardungo du buru ekitaldi horretan.

 

Sara Gandara kazetariak aurkeztuko du ekitaldia eta Havana 537 musika-taldeak girotuko.

 

SARRERA LIBRE ETA DOAKOA


Txomin Bereciartua

 

Sabino Arana Fundazioak Txomin Bereciartuaren ibilbidea eta lan-jardun oparo zein emankorra aintzatetsi eta saritu nahi ditu, hamaika gizarte-, kultura- eta hezkuntza-ekimenen bultzatzaile izan delako. Sari honen bidez, Sabino Arana Fundazioak balioa eman nahi die Txominen ekinbide solidarioari eta gure herriko gizarte- eta kultura-erakundeekin hartutako konpromiso tinkoari, batik bat, gazteen prestakuntza eta sustapenari dagokienez. Izan ere, Txomin Bereciartuak gure gazteen laneratzea eta balioen inguruko heziketa bultzatu ditu aisialdiko jardueren bidez, hainbat hamarkadetan, aisialdiko elkarte batzuen sortzaile eta sustatzaile izan delarik.

 

Dolores Redondo

 

Sabino Arana Fundazioak egun Cintruenigon bizi den Donostiako idazle Dolores Redondo aintzatetsi eta saritu nahi du. Dolores, besteak beste, ‘Baztango trilogia’ izeneko liburu-sailaren egilea da, hots, azken urteotan gaztelaniaz idatzi diren liburu arraskatsuenetakoen egilea. Literaturako sari eta aintza ugari jaso ditu, milioika irakurle ditu munduan historian, liburu gehien saldu duen euskal idazlea da eta munduko bazter guztietako 30 argitaletxek baino gehiagok argitaratu dituzte donostiarraren lanak… Horregatik guztiagatik, Dolores Redondo literaturaren olinpoan dago gaur egun. ´Baztango trilogia` Doloresen literaturako lan bikainenetakoa dugu, irakurlea erakarri, liluratu, txunditu eta hunkitu egiten duen bitxia. Gainera, Baztan harana zabaldu du mundu osora eta mundu-mailako hedadura eman die euskal Pirinioetako xarmari eta bertako jendearen bihotzari.

 

Juanjo Mena

 

Sabino Arana Fundazioak Juanjo Mena zuzendaria aintzatetsi eta saritu nahi du, munduko orkestra ospetsuenak zuzentzen egindako lan bikainagatik. Zeregin horretan, bidenabar, Juanjo Menak Gasteizen eta Euskadiren oihartzuna eraman ditu munduko agertoki garrantzitsuenetara eta, hortaz, estimu handian dute gasteiztarra musika klasikoaren zaleek eta adituek. Juanjo Menaren ibilbide bikain eta egundoko gaitasunari esker, lehen urratsak Bilboko Orkestra Sinfonikoan egin zituen arabar kosmopolita honek munduko orkestra sinfoniko onenetako batzuk zuzendu ditu, hala nola, Berlingo Filarmonikoa, Milango Scala, edo BBCko Filarmonikoa. Batuta miresgarria eta, gainera, musikaren zabalkundearekin eta arteen nahiz kulturaren sustapenarekin engaiatua.

 

Ana Urquijo

 

Sabino Arana Fundazioak Ana Urquijo aintzatetsi eta saritu nahi du, berdintasuneranzko bidean, hesiak apurtzen aurrendaria izan delako, bereziki, gizonezkoak oraindik ere nagusi diren arloetako zuzendaritzetan, besteak beste, kirolaren eta lan-munduaren esparruetan. Anaren konpromisoari eta borondate irmoari esker, arinago beste emakumerik inoiz heldu ez zen lekura iritsi zen: lehen emakumea izan zen Athletic taldearen zuzendaritzan (1990), lehen presidenteordea, eta lehen mailako euskal talde baten (Athletic) presidentea, 2006. urtean. Era berean, lehen emakumea izan zen Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldean, 1987an. Ana adibidetzat hartuta, Sabino Arana Fundazioak aintzat hartu nahi ditu egunero-egunero kristalezko sabaia apurtzen duten emakume guztiak, eta haien eredua, eskarmentua eta konpromisoa eskaintzen dizkiote gizarte berdinkidearen auzolanari.

 

Michel Camdessus

 

Sabino Arana Fundazioak Michel Camdessus, euskal herritar unibertsala eta, XX. mendearen azken herenean, munduko ekonomiaren eragile nagusietakoa, aintzatetsi eta saritu nahi du, garapen-eredu inklusiboaren aldeko ekarpenagatik. Altxorreko zuzendari eta Frantziako Bankuko gobernadore izan zela, Europako ekonomiaren eta diruaren batasunean parte hartu zuen; geroago, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari-kudeatzailea zela, eginkizun garrantzitsua izan zuen antzinako sobietar herrialdeak merkatu-ekonomiara igaro zitezen laguntzen. Merkatuak darabilen oihanaren legearen aurrean, edozein prezioren trukeko mozkinak     handiagotzearen aurrean eta eredu neoliberal edo zentralizatuen aurrean, garapen-eredu inklusiboa aldezten du Camdessusek, eredu horrek pertsonen duintasuna eta gizarte-kohesioa bermatzen dituelako. Michel Baionan sortu da eta, aurreko guztiaz gain, erabat engaiatuta dago ingurune hurbilarekin eta gure herriarekin.