Prentsa oharra 2020ko azaroaren 9a

Sagardui eta Artolazabal sailburuek garapenerako lankidetzari eta COVID-19ari buruzko mintegia irekiko dute hilaren 11n, asteazkenarekin

• Sabino Arana Fundazioak antolatu duen jardunaldi horretan, garapenerako lankidetzak COVID-19aren krisiaren aurrean daukan eginkizuna aztertuko da, bai eta pandemia Perun ez hedatzeko euskal osasun-proiektu batek kudeatutako kasu zehatza ere. • Aurrez aurre parte hartzeko, bertaratzea ziurtatu behar da. Streaming bidez: www.sabinoarana.eus.

Sagardui eta Artolazabal sailburuek garapenerako lankidetzari eta COVID-19ari buruzko mintegia irekiko dute hilaren 11n, asteazkenarekin

Garapenerako lankidetza jorratzeko helburuz, Sabino Arana Fundazioak 2013az geroztik antolatzen dituen jardunaldien esparruan, datorren azaroaren 11n, asteazkenarekin, goizeko 9:30etan hasita, beste jardunaldi bat egingo da “Garapenerako lankidetza eta COVID-19” izenburuaren ildoan.

 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak (bideoz grabaturiko hitzaldia),  eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko presidenteak emango diote hasiera jardunaldiari.

 

Jarraian, Gonzalo Fanjul jaunak, Bartzelonako ISGlobal erakundearen Politiken Azterketa saileko zuzendariak, hasierako hitzaldia emango du.

 

Aurreneko saio horren osteko eztabaida eta atsedenaldia amaituta, mahai-ingurua egingo dute David Noguera jaunak, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen presidenteak; Ismael Díez del Val jaunak, Basurtuko Ospitaleko zirujauak eta, COVID-19aren aurka jarduteko, Perun garatutako euskal osasun-proiektuaren koordinatzaileak; eta Cristina Calvo andreak, Basurtuko ospitaleko ebakuntza-gelako erizainak eta Peruko proiektuan parte hartu duenak. Hirurek kasu zehatz bat aletuko dute: «COVID-19ak sorrarazitako larrialdi-egoerari aurre egiteko, Perura joandako euskal osasun-ordezkaritzaren esperientzia». Jardunaldia aurkeztu eta gidatu Leizuri Arrizabalaga euskal parlamentariak egingo du.

 

Jardunaldian, garapenerako nazioarteko lankidetzan eskarmentu handia duten profesionalek, lankidetza-agentzia eta -erakundeetako arduradunek, katedradunek eta abarrek ere parte hartuko dute.


COVID-19 izurriteak eta horren ziozko krisiak aurrekaririk gabeko eragina izan dute garapenerako helburu eta politiketan, bai tokian-tokian, bai munduan. Ziurgabetasun eta shock egoera orokor horretan, garapenerako nazioarteko lankidetzak are zentzu eta garrantzi handiagoa du. Beraz, aukera bikaina da garapenerako nazioarteko laguntza-sistemarentzat, beharrezkoak izango diren eraldaketen eragile gisa.

 

Lankidetza deszentralizatua deiturikoak ere, eta bereziki EAEkoak, berezko gaitasun eta balio erantsiak dituela, funtsezko zeregina du testuinguru berri honetan.

 

Gaur egungo pandemiaren erronkak oihartzun berezia du osasun-arloko lankidetzan. Izan ere, esperientzia zehatz eraginkorrak, behar bezala aztertu eta ebaluatzen baditugu, lagungarri izan baitaitezke garapen-estrategia batzuk diseinatzeko koronabirusak eragindako krisi honen esparruan.


 Oharra      Ekitaldia osasun-arauak eta edukiera betez antolatzeko, ezinbestekoa da aurrez aurreko bertaratzea baieztatuta izatea. Dena dela, mintegia streaming bidez jarraitu ahal izango da www.sabinoarana.eus webgunean.