Prentsa oharra • 2024ko otsailaren 29a
Sustraiko eraldaketak munduan: Tokiko eztabaidak aldaketa globalen aurrean
Oreki Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak jardunaldi bat antolatu dute aldaketa teknologikoek eta globalizazioak egungo gizarteari darkazkioten erronkez hausnartzeko
Enpresa-, unibertsitate- eta politika-arloko ordezkariek parte hartu dute, gaur goizean, Oreki Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak (SAF) Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan antolatutako jardunaldian. Topaldi horren helburua izan da gogoeta egitea bizi-aukerak eta lan-aukerak, banakakoak zein taldekakoak, sortu eta handitu nahi dituzten erakundeek eta antolakundeek dituzten erronka nagusiei buruz. Erronka horiek, hain zuzen ere, sortzea eta zabaltzea dute helburu.
Mireia Zarate SAFen presidentearen ongietorriko berbak entzun ondotik, Andoni Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea) eta Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitatea) irakasleek, «Sustraiko eraldaketak munduan: joera ekonomiko eta politikoen bihurguneak» liburuaren egileek, jardunaldian jorratu nahi izan diren agertokien inguruabarrak eskaini dizkigute.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, «eraldatze bizkorren garaian, indibidualismoaren gorakadaren aurrean eta pandemia gogor baten ostean», sustraiko aldaketei aurre egiteko politika publiko guztiek «pertsona guztien ongizatea bilatzea» izan behar dute helburu. Abiapuntu horrekin, «herri gisa» ingurumen, gizarte eta teknologia eraldatzeei «erantzun partekatu bat» emateko beharra azpimarratu du, euskal gizartearen “indar komunitarioa” babestuz eta garatuz, ekimen “berri eta eraldatzaileei bidea emanez» eta erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza espazioak indartuz.
Eizagirrek eta Muñoak, gaur egun dabiltzan joera eta aniztasun berriak ikusirik, agenda politiko demokratiko eta inklusiboa definitzeko orduan azaleratzen diren aukera eta zailtasunak plazaratu dituzte. Era berean, azaldu dutenez, herri gisa, gure aurreko belaunaldiek egin zuten bezala, betiere pertsona eta haren duintasuna erdigunean jarriz, «eraldaketa berriei aurre egiteko aukera berriak sortzea dagokigu guri, bai erakunde publikoei, bai enpresei, bai gizarte-erakundeei».
Beste akde batetik, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak aldaketa teknologikoek eta globalizazioak gobernu baten lanean ezartzen dituzten erronka politiko eta ekonomiko nagusiei heldu die. Irujok aintzat hartu du Europan aurrekaririk ez duen krisiaren aurrean (hasteko, COVID delakoak eragindako osasun-krisiagatik eta gero Ukrainako gerragatik) ezohiko erantzuna eman dela egoeraren tamainan, eta ingurumari berrira egokitzen lagunduko diguten berreskuratze-funtsak baliatu direla.
Irujok adierazi du «trantsizio digitala, energetikoa, berrikuntzakoa eta industria indartzekoa» jorratu behar dela, «enplegu iraunkorraren eta kalitatearen iturri delako». «Epe laburrean suspertzeko eta epe laburrean zein ertainean eredu iraunkorragorantz eraldatzeko irizpideak eta lehentasunak dituen industria eraikitzeko aukera aparta da».
Kontseilariak baietsi duenez, Europako egungo egoerak «lehendik errotuta geneuzkan bi joera bizkortu ditu, hots, eraldaketa digitala eta jasangarritasuna». «Bi alderdi horien uztardurak osatzen du egungo eredu ekonomikoaren bilakaera, eta hori funtsezkoa da gure enpresa- eta industria-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko», adierazi du.
Zigor Ezpeleta Mondragon taldeko Kudeaketa Sozialeko zuzendariak ere parte hartu du mintegian. Ezpeletak enpresaren esparrua jorratu du enpresa-jardueran bat-batean gertatutako aldaketei buruz eta berrikuntza-ekosistema batean errotutako enpresa batzuek enpleguaren mutazioei erantzuteko moduei buruz aritu da.
Jardunaldiaren osagarri, mahai-ingurua egin da. Bertan, alderdi historikoa, soziologikoa eta profesionala aletu dira, eraldaketa handiei herri senez eta kultura berritzailez eta gogoetatsuz erantzuten jakin izan duen gizarte-ereduaren jatorriz, bilakaeraz eta etorkizun hurbilaz eztabaidatzeko. Ondokoek parte hartu dute mahai-inguruan: Patxi Juaristi UPV/EHUko Soziologiako doktorea; Jone Ardaiz ikertzailea; eta Iñaki Goiogana SAFeko historialaria, Nekane Larrañaga Soziologiako doktoreak moderatzaile jardun duela.