Prentsa oharra • 2024ko abenduaren 30a
Euskara arnasberritzeko ildoak
- Hermes aldizkariaren azken zenbakiak hizkuntzaren etorkizuneko erronkak aletu ditu.

- 2025ko otsailaren 28a, ostirala
- Dagoeneko salgai
Bizi garen mundua aldatzeaz gain, gure gizartea etengabeko aldaketan bizi da, gorabeheraz beterik. Euskal kulturak, euskarak, XX. mendearen zati handi batean hainbeste atzerakada eta errepresio jasan zituenak, hazkundea eta garapen argia izan zuen joan den mendearen azken herenean eta milurteko berriaren hasieran, askorentzat ustekabekoa, zein egoeratatik zetorren jakinda. Hala ere, ezusteko berpizkunde hura gertatu zen. Loraldi horrek, aldi berean, baikortasuna ekarri zuen, hamarkada batzuetan, belaunaldi batean edo bitan, euskal kulturak, euskarak, gure aitona-amonen belaunaldiak amestu ere egiten ez zuen egoera soziala izango zuela pentsatzera bultzatu gintuena.
Egia da asko aurreratu dela hizkuntzaren garapenean, hezkuntzan, estandarizazioan, hiztun berri asko irabazi dira, baina... ziklo amaiera batera iritsi garelako sentipena dugu, eta ez sentipena bakarrik. Ikerketa soziolinguistikoek adierazten digutenez, bataila batzuk irabazteaz batera, gudurik garrantzitsuena galtzen ari garela. Lehen euskara entzuten zen tokian, orain itzaltzen ari da gure hizkuntza, duela gutxira arte euskara indartsua zen tokian, eremu geografiko batzuetan, familia-giroan eta abarretan, arnasgune izateari uzten ari dira eta euskal hiztunez husten ari dira.
Hermes, pentsamendu eta historia aldizkariaren 79. aleak ere harri-koskorra ekarri nahi dio gure gizartean euskararen egungo egoeraren gainean sortzen ari den eztabaidari . Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariorde eta zenbaki monografiko honen koordinatzaileak, gure hizkuntzaren egungo egoera definitzeko proposatu dituen kalifikatzaileekin bat etorririk (bidegurutzea, ataka, geldialdia, atzeranzko joeran sartzeko mehatxua...), pentsatzekoa da dinamika bertikalak goitik behera epe luzera biderkatzeak ez duela irtenbide argirik ekarriko, behintzat, kontrako norabidean, behetik gora, gertatzen diren dinamiken babes zabala eta adostua ez badute. Dinamika horiek, besteak beste, hezkuntzan, gazte-inguruneetan, etorkinei harrera egiteko politiketan, adimen artifizialean eta abarretan eragin behar dute.
Adimen artifizialaz dihardu Arantza del Pozok, Vicomtecheko Hizkeraren eta Hizkuntza Naturalaren Teknologien zuzendariak, idatzi duen artikuluak, eta euskararen garapen sozialean eskain ditzakeen aukera handiak darakuski. Alabaina, aldi berean, adimen artifizialaren zailtasunez eta arriskuez ere aritzen da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, bere gogoetaldian, hizkuntza-indarren korrelazioan sakoneko aldaketa bultzatuko duten gehiengo berriak eratzearen garrantzia azpimarratu du. «Horretarako, baina, zer egin?» galdera plazaratu du Akademiako buruak. Urrutiak ezinbestekotzat jotzen du zeharkakotasuna, gizarte-eremu guztietan euskararen aldeko babesa lortzea. Horrela bakarrik, inor kanpoan utzi gabe, aurrera egin ahalko du gure hizkuntzak hedapenean.
Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasle eta euskaltzain urgazlearen iritziz, lehenik eta behin, ezaugarri, prozesu eta elementu identifikatzaileak barneratu behar dira. Bestalde, egungo aukeren ikuspegi panoramikoa eta sintetikoa landu behar da. Eta, azkenik, elementu eragingarrien ibilbideak identifikatu behar dira. Hori guztia norabidea marrazteko erabili beharko dugu. Bi elementuk ezaugarritu beharko dute, bata etorkizuneko ametsa irudikatzen duena eta bestea prospektiba errealista eta informatua. Gizarte hipermodernoak aukera handiak eskaintzen ditu, baina, aldi berean, gizarte hori oso hotza izan daiteke. Gizakiok ere komunitatea nahi dugu. Euskararen estrategia eta gidaritza komunitate-ehuna zaindu eta berrituari lotuta egongo da. Euskarak benetan garrantzitsua den tokiren bat izango badu, hori komunitatean bizitzearekin lotuta egongo da. Ez du hurbilenerako bakarrik balioko, baina hori funtsezko balio erantsia izango da.
Hermesen 79. zenbakian, aipatutako gogoetez gain, Toti Martínez de Lezea idazlearen artikulua irakur daiteke, euskararen enigma edo euskara bera enigma gisa jorratzen duena, bai eta Benito Lertxundiri egindako elkarrizketa luzea ere, non Orioko bardoak, kantagintzari eskainitako sei hamarkadako esperientzia zabaletik, euskal musikari eta kulturari buruz zabal egiten duen.
Aleak erosteko, sakatu hemen