Prentsa oharra 2018ko ekainaren 21a

Vicente Egia Sagardui eusko komandanteari eta Ebroko gudan hildako gudari eta milizianoen aldeko omenaldi-bidaia

• Urriaren 12tik 14ra, Tarragonara, ondokoak bisitatzeko: Centre d’interpretació 15 Dies, Espai Històric del Poble Vell (Corbera d’Ebre) eta Campament del XV Cos d'Exèrcit, Espai Històric Les Devees eta Espai Històric Memorial de Les Camposines (La Fatarella). Azken horretan, omenezko plaka bat jarriko da eta lore-eskaintza egingo da.

Vicente Egia Sagardui eusko komandanteari  eta Ebroko gudan hildako gudari eta milizianoen aldeko omenaldi-bidaia

Lurraldea konkistatu dute, baina Euskal Herriaren arima ez; sekula ez dute konkistatuko [José Antonio Agirre Lekube lehendakaria, 1937ko ekainaren 30a, Turtzioz]

Sabino Arana Fundazioak, beste erakunde batzuekin elkarlanean, bidaia antolatu du Terres de l’Ebreko lurraldera (Tarragona) urriaren 12an, 13an eta 14an, Vicente Egia y Sagardui eusko komandantea eta, Gerra Zibilean, Ebroko gudan hildako gudari eta milizianoei omenaldia egiteko, horien guztien heriotzaren 80. urteurrenean.

Vicente Egia Sagardui, gudarien kapitaina. Gerra Zibila ekarri zuen matxinada hasi zen unetik bertatik, Egia bere borondatez hasi zen Euskadiko askatasunaren zerbitzuko. Euskal lurralde galdu zenean, faxistek harrapatu zuten Santoñan eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Geroago, 41 presoren truke batean sartu zen. Graduazio militarra eguneratu zuen eta gudan hasi zen berriro,  140.  brigada mistoaren kapitain. Ebroko gudan, 1938ko urrian, Egia Errepublikako 560. batailoiko  buruzagia zen eta bere agindupeko soldaduek tinko eutsi zieten frankisten eraso etengabeei Camposinesen (Tarragona). Soldaduak adorea galtzen hasita zeudela, ez zen bere aginte-postuan geratu eta bizia arriskuan jarri zuen frontearen aurreneko lerroan, eginetan agertuta. Zaurituta egon arren, ebakuatzeari uko egin ziola, buruan jasotako tiro baten eraginez hil zen.

Egia komandantea katolikoa eta euskal abertzalea zen Abandoko batzokiko zuzendaritzakoa izan zen eta Errepublikako gobernuak antolatutako hileta katolikoa egin zioten Bartzelonan, EAJri lotutako jarraitzaileei faxisten aurka borrokatzeagatik eskerrak emateko. Frankistek antiklerikalismoa edo erlijioagatiko jazarpena erabili zuten altxamendua justifikatzeko arrazoi nagusietako gisa; horregatik, hiletak argiro frogatu zuen Errepublikak erlijio-askatasuna errespetatzen zuela.

Bidaia urriaren 12an hasiko da, ostiralarekin, Bilbon, Gandesara joateko, eta bertan ostatua hartuko dugu. Tarragonako herri horretan, frankisten defentsaren funtsezko tokia izan zen Ebroko gudan. Izan ere, Errepublikaren aldeko eliteko unitateek, besteak beste, nazioarteko brigadek, gogoz eraso egin zuten herri hori egun askotan.

Hurrengo egunean, urriaren 13an, Corbera d’Ebre herrira joango gara. Bertan, Centre d’Interpretació 115 Dies izeneko azpiegitura dago, gure hoteletik 5 bat kilometrora, eta bisita gidatua egingo dugu interpretazio-zentroan. Geroago, Espai Històric Poble Vell delakora joango gara. Gerra etorri zenean, hegazkin frankistek oso-osorik hondatu zuten herria eta ez zuen berriro lehengo bizitza berreskuratu. Herriko biztanleak ebakuatu zituzten, baina handik ihes egiterik izan ez zutenak “el corralo” izeneko lurpeko pasabide batean ezkutatu ziren. Pasabide 200 bat metro luze zen eta antzina erabiltzen zuten gurdiak eta mandemeak gordetzeko. 

Arratsaldean, Campament del XV Cos d'Exèrcit deritzona bisitatuko dugu, hau da, 1938an eraikitako kanpamentu errepublikar erraldoia, El Río kultura-elkarteak 2005ean aurkitu zuena. Manuel Tagüeña koronela buru zeukan Ebroko armadako XV. Taldearen kanpamenduaren aztarnak daude bertan. Kalkuluen arabera, Ebroko gudak iraun zuen 115 egunetan, 1938ko uztailaren eta azaroaren artean, 5.000 soldadu inguru bizi izan ziren herri baten gisara eraikitako kanpamentu horretan.

Handik, 12 bat kilometrora, La Fatarella herrian dagoen Espai Històric Les Devees izenekoa bisitatuko dugu. Atzeguardiatzat jotako tokietako bat dugu eta herritarrak babesteko sarearen barruko posizioa zen. 

Azkenik, urriaren 14an, igandearekin, La Fatarella herrian bertan dagoen Espai Històric Memorial de Les Camposines izenekora joango gara. Horretan, gudan parte hartu zuten guzti-guztiak omentzen dira, ideologiak edo alderdiak gorabehera. Hezurtokia ere badago leku horretan (jendeak mugatuta dauka sarrera), eta han gordetzen dira apurka-apurka agertzen ari diren 1.300 borrokalari desagertuen aztarnak.

Azken horretan, omenaldia egingo diegu Vicente Egia Sagarduiri eta Ebroko gudan hildako gudari eta milizianoei. Horretarako, horien guztien omenezko plaka jarri eta lore-eskaintza egingo dugu. Eta ekitaldia amaituta, Bilbora itzuliko gara.

Omenaldi-bidaian parte hartu nahi duten guztiek 94 405 64 50 telefonoan har dezakete informazio gehiago. Logela bikoitzaren prezioa 198,00 €-koa da pertsona bakoitzeko eta Banako logelarena 208,00 €-koa. Prezioak ondokoak hartzen ditu aintzat: Piqué hotelean emango ditugun bi gauak, bi gosari kontinental, urriaren 12 eta 13ko afariak, urriaren 13ko bazkaria, bisita gidatuak eta 115 Egunen interpretazio zentroko eta Poble Vell esparru historikoko sarrerak. Plaza-kopurua mugatua denez, arren eskatzen diegu interesdunei plaza gorde dezatela lehenbailehen.