Prentsa oharra • 2024ko maiatzaren 10a
Krisi betean dagoen mundu honetan, nazioarteko lankidetzan diharduten eragile guztiak behar ditugu
• Sabino Arana Fundazioan, jardunaldia egin da laguntza humanitarioan aritzen diren profesionalen eskutik
- 2024ko maiatzaren 10a, ostirala
- Sabino Arana Fundazioa
Nazio Batuen arabera, historia modernoaren munduko elikadura-krisi global handiena pairatzen ari gara. Horren arrazoi nagusiak ditugu, besteak beste, pandemiaren eragina, Ukrainako edo Sudango gerren ondorioak, israeldar eta palestinarren arteko gatazka, larrialdi klimatikoa (urtean, 20 milioi pertsona baino gehiago joan behar izaten dira euren etxeetatik ), inflazioa, krisi energetikoa eta gatazken gorakada dira.
Hamarkada honen barruan, nazioarteko komunitateak garapenari lotutako hainbat helburu eta jomuga bete nahi ditu, planetako biztanle guztiek bizitza duina izan dezaten. Ez gara pobreziaz bakarrik ari, giza garapen jasangarriaz ere ari gara, eta horrek badakar, ezinbestean, giza eskubideak eta pertsona guztien duintasuna errespetatzea, hezkuntza, merkataritza-politika, ingurumena, kanpo-ekintza eta abar garatzea.
«Nola jardun lankidetzan krisian dagoen mundu batean? Jasangarritasuna, bideragarritasuna eta gobernantza globala sustatzeko gakoak» izenburuaren ildoan, nazioarteko lankidetzak eta ekintza humanitarioak gaur egun dituzten erronka nagusiei heldu diete, Sabino Arana Fundazioan, diziplina anitzeko ikuspegitik, erakundeetako, unibertsitateko, enpresako eta gizarte zibileko antolakundeetako hainbat arduradunek.
David Noguera laguntza humanitarioan diharduen langilea eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko presidente ohia egungo krisiez eta laguntza humanitarioaren sektoreak dituen erronkez mintzatu zaigu. Joana Abrisketa, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasle titularra eta Nazioarteko Ekintza Humanitarioko Masterraren zuzendaria, gatazka armatuei aplika dakizkiekeen arauen norainokoa azaltzen aritu da, eta, zehatzago esanda, Israel eta Palestinaren arteko gerrari dagozkionak deskribatzen. Eta Manuel Sánchez-Monterok, Acción contra el Hambre Fundazioaren Eragin eta Harreman Instituzionalen zuzendariak, «Erronka humanitarioei ekiteko politikaren zeregina» izan du hizpide.
Sanchez-Monterok, politikak erronka humanitarioei aurre egiteko duen zereginari buruz azaldu duenez, «gobernu txarraren ondorioak eta muturreko egoera gatazkatsuak batera gertatzen direnean (esate baterako, oinarrizko zerbitzuei heltzeko modua ahalbidetzen ez denean), egoera gurpil zoro bihurtzen da». Aitzitik, «oinarrizko zerbitzuei heltzeko modua errazten duen gobernu onaren eta egonkortasunaren arteko ezkontza funtsezkoa da krisiari erantzuteko», adierazi du. Ildo horretan, Ekialde Hurbilean, Sahelen, Latinoamerikan eta beste hainbat lekutan egun dauden egoerak «ikuspegi hori lehenbailehen garatzea» eskatzen duela ziurtatu du.
Hala berean «politikaren eta lankidetzaren artean beharrezkoa den elkarrekintza» nabarmendu du. Sanchez-Monteroren arabera, arazoari modu eraginkorrean eta jasangarrian heltzeko, «ezinbestekoa da kapital politikoaren inbertsioa, erakundeak eta esparru juridikoak indartzea, laguntzak finantzatzea eta gizarte zibileko aldaketa-eragileentzako gune operatibo bat prestatzea».
Beste alde batetik, Joana Abrisketak azaldu duenez, «Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren abiapuntua hauxe da: gatazka saihestezina denean, estatuentzako betebeharrak dakartzaten arau batzuk lehenetsi behar dira. Arau horien funtsezko ideia da borrokan dihardutenek ez dutela alferrikako sufrimendurik eragin behar. Eta betebehar horretatik sortzen dira bi printzipio giltzarri: zibilen eta borrokalarien artean bereizi behar izatea eta proportzionaltasuna.
Hegoafrikak Israelen aurka aurkeztutako demandaren nondik norakoak azaldu ditu Abrisketak hitzaldian, eta prozesu judizial horrek Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren ikuspegitik egindako ekarpenak nabarmendu ditu.
Azkenik, David Noguerak bere ikuspuntua azaldu du sektoreak aurre egin beharreko krisi humanitario eta erronka handienen egoerari buruz.
Mugarik Gabeko Medikuak antolakundearen presidente ohia bere esperientziatik mintzatu da, eta zenbait irtenbide proposatu ditu joera kaltegarri batzuk iraultzen laguntzeko, azken urteetako lankidetza eta esperientzia onuragarri batzuen adibideak baliaturik.
Paul Ortega Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak koordinatu du, eta Nazio Batuen agentzietako ordezkariek ere parte hartu dute bertan: UNRWA, ACNUR, UNICEF, CERF eta abar; laguntza humanitarioan diharduten GKEetako kideek: Mugarik Gabeko Medikuak, Acción contra el Hambre, Oxfam, Save the Children; agentzia espezializatuak, eta abar.