2021ko Sabino Arana Sariak

Imagen de todos los ganadores de los Premios Sabino Arana 2021

Sarituak

Imagen de Luis María Bengoa en los Premios Sabino Arana 2021

Luis María Bengoa

Hainbat hamarkadatan, Herri Kirolak eta lurreko ekoizkinak bultzatzen eta sustatzen egindako lanagatik. Mikrofono soil batez atondurik, Bengoak bikain ezagutarazi ditu euskal herri-kirolei darien talde-lanaren balioak. Landa-eremuak bizirik dirauela eta Euskal Herriari ekarpen handia egin diezaiokeela sinetsita, gure herria alderik alde eta oso-osoan zeharkatu du herri-kirolak eta nekazaritza-eremuko ekoizkinak sustatzen, zabaltzen eta bultzatzen; beste era batera esanda, euskal landa-eremuko ondasun-balioak gaur egun ere balio handikoak direla erakusten. Eta aspaldikoak betiko balio dezakeela aldarrikatzen.

Imagen de Luis Ugalde en los Premios Sabino Arana 2021

Luis Ugalde

Venezuelan, gizarte-ekintzaile eta moralaren nahiz politikaren eredu delako. Beti gizarte-kausetatik hurbil dagoen herrialdeko intelektualik engaiatuenetakotzat jotzen da. Venezuelako erregimenak egindako bidegabekeriak salatzeko behin eta berriz altxatu diren ahotsetako bat da. Injustizia salatzea eta behartsuenak aldeztea etengabeko abiaburuak izan dira aita Ugalderen bizitzan. Bidegabekeriak eta autoritarismoa salatzen erakutsi duen ausardia eta irmotasunagatik nabarmendu da. Betiere herritarren ahotsa entzun eta errespetatzen duen gizarte demokratiko baten alde. Ugalderen arabera, gizarte-justiziak izan behar du jomuga, bai eta hori lortzeko bitartekoa ere.

Aita Mari

Mediterraneo itsasoan, migratzaileak erreskatatzeko ontzi bilakatutako euskal atunontzia, giza eskubideen aldeko elkartasun-borroka nekaezin eta etengabeagatik. Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) euskal GKEren ekimenari esker, Aita Mari migrazio-ibilbide arriskutsu hori erabiltzen dutenen bizitzaren jagole bihurtu da mundu guztiaren begien aurrean. Aita Mari ontziaren egitekoek agerian uzten dute migrazio-politika txarrak gainditu behar ditugula. Gaur egungo Aita Mari-k Jose Maria Zubia Zigaranen izena eta izana ditu, iragana orainera ekarrita. Behinola gure itsasoan arriskuan zeuden marinelei laguntzeagatik bizia galdu zuen itsasgizon haren kuraia, kemena eta noblezia, gaur egungo naufragoei eskainia.

Amaiur Gaztelu Elkartea

Euskal memoriaren alde egiten diharduen lanagatik. Amaiur Gaztelu elkarteak ondo baino hobeto erakutsi digu gure aurretikoen asmo eta helburuak eguneratzea denon artean, auzolanean, egin daitekeela; gure arbasoen egintzak, ekinak, eginahalak, bai eta porrotak ere, nahitaezkoak ditugula etorkizuna eraikitzeko, haien askatasun-egarriak arnasa emateko balio digula eta helburua bidea bera ere badela. Euskal nortasunaren katea ez zen konkistaren eraginez eten, ezta diktaduraren eraginez ere. Arras sendoa izan da, eta sendo izaten jarraitu dezan, iragan osora hedatzen eta bazter guztietara iristen den memoria behar dugu.

CD Bidasoa

Kirol-elkartearen 60 urteko historian, gure herrialdean eskubaloia sustatzen eta Irun nahiz Euskadi nazioarteko kirol-esparruan agerrarazten eta lekutzen egindako ekarpenagatik . Kiroletan, bada futbola baino gehiago, eta Euskadi hiriburuak baino zabalagoa da; horixe erakutsi digu CD Bidasoak ezin hobeto 1962an sortu zenetik. Txikiak handia benzi leidi esaera zaharrak dioskun bezala, Bidasoak frogatu du komunikabideetan hainbesteko islarik ez duen kirol baten bidez, kluba handia izan daitekeela eta, era berean, Irun, Bidasoa eta Euskadi ere handi egin ditzakeela.

Basque Culinary Center

Hamar urteko ibilbide laburrean, eredugarri bihurtu delako nazioartean sukaldaritzako prestakuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta sustapenean. Mondragon Unibertsitateari atxikitako Gastronomia Zientzien Fakultateak eta BCC Innovation zentro teknologikoak osatzen dute Basque Culinary Center, eta mundu osoko jatetxeetako sukaldeak kudeatzeaz eta elikagaien industriako enpresak zuzentzeaz arduratzen diren profesionalak prestatzen dira bertan. Munduan, proiektu aurrendaria, berritzailea, ekintzailea, bikaintasunera bideratua eta etorkizunari begira dagoena da BCC. Munduko zaporeak gure herrialdera ekarri, gureekin bat egin eta berriro ere planetako bazter guztietara zabaltzeko eskola.

Galaren bideoa