Efemeridea • 2024ko urriaren 8a
Bitoriano Gandiaga, XX. mendeko euskal olerkaririk handienetakoa
Gaurkoa lako egun batean jaio zen, 1928ko urriaren 8an, Mendatako (Bizkaia) Orbelaun baserrian,
Bederatzi urte zituela, gertutik ikusi zuen Gernikako bonbardaketa, 1937ko apirilaren 26an. Frankismoaren sasoian, diktaduran errepresioa, erbestealdia eta kartzelaldiak ere jasan zituen.
1940an, Arantzazun sartu zen frantziskotar, eta hamalau urte geroago apaiztu egin zen. Hain zuzen ere, Arantzazuko santutegian aurkitu zuen poesiarako lekurik onena; gainera, fraidegaien irakaskuntzan ere aritu zen. Lehen lanak Arantzazu, Euzko Gogoa, Egan eta Olerti aldizkarietan argitaratu zituen eta lehen liburua 1962an kaleratu zuen. Jorge Oteiza eskultorearekin izandako adiskidetasuna erabakigarria izan zen hurrengo lana argitaratzeko, «Hiru gizon bakarka» (1974). Lan horretan, Euskal Herriaren nortasunari buruzko kezka agertu zuen. Azken poema liburua 1997an merkaturatu zen. Gandiaga olerkari handia euskaltzain urgazlea ere izan zen. Joan Mari Lekuona olerkariak “poetak onak izan daitezke, oso onak izan daitezke, edo Gandiaga izan daitezke” esan zuen Gandiagari buruz. 2001eko otsailaren 21ean hil zen.
Sebastian Garcia Trujillok Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 1. zenbakian argitaratutako poeta mendatarrari buruzko erreportajea erantsi diogu artikuluari.