Efemeridea • 2024ko urriaren 22a
Pedro Hilarion Sarrionandia, Garaiko berberea
Gaurkoa lako egun batean, 1865eko urriaren 22an, hain zuzen, jaio zen Garain eta lehen amazigh gramatikaren egilea izan zen.
Garaiko Juan Martin Sarrionandiak eta Lemoako Venancia Linaza Ereñok izan zituzten sei seme-alaben seme nagusia izan zen, eta 16 urte zituela, Santiagoko Lurralde Santu eta Marokorako Misioen Frantziskotarren ikastetxean hasi zen. Hurrengo urtean, Chipionara joan zen eta Frantziskotarren ordenan kidetu zen. 1889an apaiztu zen eta 1892an frantziskotar misiolari joan zen Tetuango komentura.
Ordurako euskaraz, gaztelaniaz, latinez eta grezieraz bazekien; han egonda, frantsesez eta arabieraz ere ikasi zuen, aita Jose Maria Lertxundi (Orio, 1836-Tanger, 1896) arabista eta hiztegigileak sortutako eskolan.
Arabiera ikasi ondoren, Afrikako iparraldeko nomaden hizkuntza ikasten hasi zen, amazigh edo berberea. Sarrionandiaren ikerketa filologikoen ondorioz, 1905ean, hizkuntza horren lehen gramatika idatzi zuen, eta gaur egun ere erreferentziatzat hartzen da hizkuntza hori ikasteko.
Jon Irazabalek DEIA egunkariaren Historias Vascas sailean, 2013ko abuztuaren 3an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari. Erreportaje horretan, Garaiko berberea historia azaltzen da.